arrabio
- Tailerra
- en crude iron; pig
- es arrabio; fundición en bruto
- fr fonte brute; fonte crue
arrabio
Ez dago emaitzarik
Bilatutako terminoa ez dago hiztegian.
- ↑ a b c d e f g h i j k l Aihartza, Joxerra. Arrabio arrunta, pozoitsua bezain dotorea. Elhuyar aldizkaria, 1992/03/01, CC-BY-SA-3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2018-9-24).
- ↑ a b Velo-Antón, G.; Buckley, D.. Salamandra común. Enciclopedia Virtual de los Vertebrados Españoles. Salvador, A., Martínez-Solano, I. (Eds.). Museo Nacional de Ciencias Naturales, Madrid, vertebradosibericos.org/ (Noiz kontsultatua: 2018-9-25).
Wikipediako bilaketara joan
SARRERA DESBERDINA:
Arrabio arrunt
«Arrabio» orriak hona dakar. burdin mearen tarteko produktuari buruzko artikulua hau da: «Arrabio (metalurgia)»
Arrabio arrunta (Salamandra salamandra) anfibio urodeloa da, Salamandridae familiakoa, Europan bizi dena. 15-16 zentimetroko luze da, lau hanka motz ditu eta buztan luzea. Gorputz beltza du, orban hori disdiratsuekin. Helduak lehortarrak dira, baina ingurune heze eta freskoak behar dituzte; horren ondorioz, baso hostogalkorretan bizi dira batik bat.
Kolorazio bitxi hori dela-eta, arrabioaren irudia betidanik hainbat elezahar eta sineskeriaz inguraturik egon da, eta sarri askotan sorgin eta deabruen sukaldeko piztitzat jo izan da. Adibidez, arrabioa sutatik sortzen zela, edota bertan ez zela erretzen dioten kondairak ugari dira Europa osoko kulturetan.[1] Horren adierazle garbia da narrastiaren ingelesezko izena: fire salamander.
Arrabio helduak 15-16 zentimetrorainoko luzera du, eta Euskal Herriko urodelorik handiena da. Burua zabala baino luzeagoa du, dortsobentralki zapaldua, eta atzealdean, dortsolateralki kokaturik, guruin parotoideo nabariak ageri ditu. Begi arre-ilunak ere oso nabarmenak ditu alde dortsalean, haien orbiten tamaina handia dela-eta. Soin-enborra zilindrikoa izaten du, eta beso eta hanka laburrek lurretik nekez altxa dezakete oinez doanean. Bizkarraldean, eta guruin parotoideoen jarraipen balira bezala, bederatzina pikortez osaturiko bi lerro paralelo hedatzen zaizkio lepo-aldetik hasi eta isatserantz.[1]
Isatsa laburragoa izaten du soina baino, eta haren zeharkako ebakidurak sekzio biribiltsua ageri du; hori animaliaren izaera lehortarraren eta agerirako moldagarritasun ezaren adierazlea da. Baina arrabio helduaren ezaugarri deskribatzailerik adierazgarriena haren janzkera eder deigarria da, ezbairik gabe. Izan ere, arrabioaren larruazal hezea luzetarako orban edo arrasto hori eta beltz distiratsuz apaindua ageri baita; horri esker, animalia mendian ibilia den edonorentzat ikaragarri ezaguna da.[1]
Larba 24-36 milimetro luze da jaiotzen denean, baina neurri hori egoera geografikoen araberakoa da. Buru handi eta zabala du, eta motots-brankial arrosak, tamaina aldakorrekoak, bizi den inguruneko oxigeno-mailaren araberakoak. Ondo definitutako begi handiak ditu, 50 zentimetroko distantzian mugimendua detektatzeko gai direnak. Gorputza alboetatik zapaldua du, eta isatsa baino zertxobait luzeagoa izaten da. Isatsa konprimatua dago, etagorputzaren erdialderainoko gandor dortsal bat du. Isatsaren muturra biribildua izaten da. Azal hori-beltza du, gorputzarekiko paraleloki luzatzen diren orbanez osatutako marrazki bat osatuz. Hanken hasieran kolore horiko orban argiak ditu, garapenean aurrera joan ahala deigarriagoak egiten direnak. Hanka sendoak ditu, ez oso luzeak, eta bost hatz dituzte atzekoetan eta lau aurrekoetan. Metamorfosia burutu aurretik 60-65 milimetroko luzera izaten dute, baina handiagoak ere ikusi izan dira, esaterako bizi direneko ingurunetik atera ezin direnean, eta 95 milimetrorainoko larbak ikusi izan dira, brankiak erabat garaturik dituztenak (neotenia).
Arrabio arrunta, gainerako anfibio gehienak bezala, azal pozoitsuz horniturik dago. Haren kasuan, pozoia bizkarreko pikorta dortsolateraletan, eta buruko guruin parotoideetan ekoizten da baina, gainera, epidermi osoan zehar tartekaturik garatzen diren zelula guruintsuetan ere sortzen da, eta azala osoa sumingarria gertatzen da. Pozoi hori samandarina izeneko alkaloideen taldeko substantziez osatuta dago, eta zuzenean etsaien odolera sartzeko biderik balu, sekulako eragina izango luke haiengan.[1]
Hala ere, arrabioaren pozoiak defentsa-funtzioa besterik ez du eta, horren ondorioz, aski du jateko asmoz datorkion etsaiaren ahoa sumintzearekin, horrek berehala askatuko baitu. Horregatik, arrabioak arriskua somatzen duenean, azaleko zelula guruintsuek pozoia jariatzen dute, eta berehala soin osoa zuku sumingarriz bustitzen da. Gainera, bizkarraldeko pikortek eta guruin parotoideoek pozoia esprai baten gisara jaurti dezakete.[1]
Dena dela, defentsa-mekanismo berezi hori azaleko kolore biziak osatzen du. Izan ere, pozoiak etsaiak arrabioa askatzea eragiten duen arren, lehenbiziko hozkadak kalte handia egin diezaioke animaliari; horrela, derrigorrezkoa gertatzen da lehen eraso hori ere saihestea. Horregatik, arrabioak, tropiko-aldeko makina bat anfibiok bezalaxe, janzkera bizi eta deigarriaren bitartez bere izaera pozoitsua adierazten du, balizko etsai guztiei izaera horren berri emanez: kolorazio aposematikoa deritzo horri. Edonola ere, eta defentsa-mekanismo konplexu hori izan arren, haren etsairen bati edo besteri, dirudienez, pozoiak ez die eragiten: urubi arrunta (Strix aluco) eta basurdea (Sus scrofa) aipagarrienak dira.[1]
Arrabio arrunta eskualde paleartikoko espeziea dugu, eta Europako erdialde eta hegoaldean, Asiako mendebaldean, eta Afrikako ipar-mendebaldean da. Iberiar penintsulan, iparralde osoan ageri dela esan daiteke; barnealdean, berriz, mendietan bakarrik. Euskal Herriari dagokionez, ohikoa da eskualde eurosiberiarreko ingurune gehienetan eta trantsiziozko mendietan. Aldiz, hegoaldeko lautada eta ingurune idorretan falta da, klima dela eta.[1]
Europako anfibiorik lehortarrenetarikoa bada ere, arrabioak ingurune heze eta freskoak behar ditu bizi ahal izateko eta, ondorioz, Euskal Herrian batik bat baso hostogalkorretan aurkitzen da; bere habitat nagusiak pagadia, hariztia eta oihan misto hezea dira. Altitudeari dagokionean, berriz, Euskal Herrian itsas mailatik hasi eta 1600 metroko altitudetaraino ikusi da, baina Pirinioetan 1800-1900 metroraino ere hel daiteke. Edonola ere, gehienak eskualde eurosiberiarreko menditar estaian daude.[1]
Arrabioa bereziki espezie lehortarra dugu, eta larbak errutera baino ez da uretara hurbiltzen. Bizimodu ilunabartar eta gautarra duen arren, eguraldia euritsua denetan egunez ere ikus daiteke bere dietaren osagaien bila: intsektuak, araknidoak, miriapodoak, bareak eta zizareeak. Oro har, bakarzalea den arren, batzuetan talde handiak ere ikusi izan dira, baina horren arrazoia ez da oraindik argitu.[1] Egunean zehar, harripeetan, zuhaitz-enbor ustelduen edo goroldioaren azpian, lurpean edo mikrougaztunen galerietan ezkutaturik egoten dira. Ez dira batere oldarkorrak. Ugal garaian, eta baita arriskua sumatzen dutenean ere, “nit-nit-nit” moduko soinu bat ateratzeko gai dira.
Arrabioaren larbak oso jatunak dira eta aktiboki ehizatzen dute. Beste anfibio batzuek ez bezala, arrabioen larbek zein helduek hortz modukoak dituzte barailan, euren harrapakin espektroa zabaltzea baimentzen dietenak. Larben dieta batik bat, dafneek, trikopteroek eta dipteroek osatzen dute, baina joera kanibalak dituzte maiz: beren tamaina bereko aleak jaten ikusi izan dira.
Arrabio helduak, barailak eta mingaina erabiliz harrapatzen dituen ornogabe lurtar txikiak ditu elikagai. Arrabioek, gainera, ikusmen trikromatikoa dute, harrapakinak bilatzeko erabiltzen dutena. Hauen artean, koleoptero, gasteropodo, anelido, isopodo, miriapodo eta araknidoak topa daitezke. Kasu arraro batzuetan, moluskuak, diplopodoak, pentatomidoak eta lur-zizareak aurkitu dira haien digestio-hodietan.
Euskal Herriko gainerako urodeloak ez bezala, arrabioak lehorrean ernaltzen dira. Arrak eme bat aurkitzen duenean, lehenik gainera igotzen zaio, eta horrela geldiaraztzen du. Ondoren, eta bere besoez emearenei helduz, haren azpira sartzen da, eta berehala muturraz emearen lepapea igurtzitzeari ekiten dio, hura kilikatzeko asmoz edo. Minutu batzuen buruan, arrak espermatoforo bat askatzen du lurrera, eta segidan, soin-enborra 90° okertuz, espermatoforoaren gainera erortzen uzten dio emeari, horrek kloaka-ezpainez jaso dezan. Sistema horren bitartez, arrabioek barne-ernalketa lehorrean egiteko bidea asmatu dute.[1]
Baina, ziur asko, arrabioaren izaera lehortarra hobekien azaltzen duen ezaugarria haren obobibiparotasuna da, salbuespen nabaria da urodeloen artean. Izan ere, arrabioak bi ingurunetan banandutako bizi-ziklo anfibiontea gainditzeko bidean daudela adierazten baitu. Ernaldutako arrautzak uretan errun beharrean, emearen obiduktuetan mantentzen dira garapen enbrionarioa osatu artean, eta baita eklosioa gertatu eta gero ere.[1] 10-40 larba jaiotzen dira aldi bakoitzeko. Enbrioi batzuen bildukia jaio aurretik apurtzen baldin bada, beste enbrioiek jaten dituzte (adelfofagia).[2] Azkenik, eta larbek 25 mm inguruko luzera dutenean, emeak putzu edo errekaren batean erditzen ditu. Larba horiek uretan bizi diren ornogabe txikiez elikatzen diren ehiztari asekaitzak eta igerilari bikainak izaten dira; bizpahiru hilabeteren buruan, 5-6 cm inguruko luzera dutenean, metamorfosia burutu eta, helduen itxura lorturik, betirako lehorreratzen dira.[1] Gazteak helduak baino mugikorragoak dira, eta horrek espeziearen dispertsioan laguntzen du. Heldutasun sexuala 3-4 urterekin lortzen dute: arrak 13 cm luze dira eta emeak, 15.[2] Neotenia kasuak gertatzen dira.
Indibiduo helduak oso gutxitan izaten dira erasotuak (haien pigmentazioak pozoitsuak direla adierazten duelako), eta kasu horietan, Natrix maura, Natrix natrix, Vipera seoanei, hainbat hegaztik eta zenbait ugaztunek egindako erasoak izaten dira. Larben etsaiak ditiskoak, Natrix generoko sugeak eta salmonidoak dira.
Gizakiak, arrabioen populazioetan eragina badu ere, garaiera txikiko lekuetan bizi direnengan batez ere, ez du espezie horren biziraupena kolokan jartzen, oraingoz behintzat.
Europako hainbat herrialdetan animalia magikoa zela pentsatzen zuten. Animali guztien artean sua zeharkatzeko gai zen bakarra uste zuten, eta heraldikan suaren gainean marraztu ohi dute.