espediente

espediente

  • Planifikazioa - Kontrola - Kontu-ikuskapena
  • en dossier
  • es expediente
  • fr dossier

Ez dago emaitzarik

Bilatutako terminoa ez dago hiztegian.

SARRERA DESBERDINA:

Discovery espedizioa

1901-1904ko britainiar espedizio antartikoa (Discovery espedizioa bezala ere ezaguna) XX. mendeko Antartikaren lehen britainiar espedizio ofiziala izan zen, James Clark Ross-ek 1839tik 1843ra egindako bidaien ondoren. Royal Society eta Royal Geographical Society (RGS) erakundeetako ordezkariek osatutako batzorde batek antolatu zuen, eta helburutzat ikerketa zientifikoa eta esplorazio geografikoa zituen, garai hartan oraindik esploratu gabe zegoen kontinente batena. Espedizioan parte hartu zuten esploratzaile gehienak Antartikaren esplorazioaren urrezko aroko pertsona famatu garrantzitsutzat hartuak izan ziren, eta horien artean Robert Falcon Scott (espedizioko burua), Ernest Shackleton, Edward Adrian Wilson, Frank Wild, Tom Crean eta William Lashly nabarmendu ziren. Espedizioaren itsasontzia, RRS Discovery, berariaz eraiki zen Antartikako ingurunean jarduteko eta Ingalaterran egin zen masta hirukoitzeko azken egurrezko itsasontzia izan zen.
Bere aurkikuntza zientifikoek eragin handia izan zuten geologian, McMurdoko haran lehorrak aurkitzearekin; zoologian, Crozier lurmuturrean pinguino enperadoreen kolonia aurkitzearekin eta biologian, meteorologian eta magnetismoan. Balentria geografikoei dagokionez, Eduardo VII.aren penintsularen eta goi-ordoki antartikoaren aurkikuntzak nabarmentzen ziren, azken hau Mendi Transantartikoen ibilbidea jarraituz. Hala ere, espedizioak ez zuen Hegoburura iristeko ahalegina egin, nahiz eta hegoalderako posizio maximoa —Farthest South— lortu zuten, 82º 12'-ko latitudean. 
Geroko espedizioen aitzindaritzat jotzen denez, britainiar espedizio antartikoa eskualde antartikoko britainiar esplorazioen historiako mugarri bat izan zen. Behin amaituta, arrakasta handikotzat katalogatu zuten, Discovery itsasontzia eta bere tripulazioa izotzetik askatzeko misio garesti bat behar izan bazen ere, baita bere lorpen batzuen egiazkotasunaren inguruan sortutako eztabaida batzuk izan baziren ere. Zenbait zientzialariek ondorioztatu dute proiektuaren hutsegite nagusia teknika hobeak erabiltzeko ezintasuna izan zela eta, beraz, bidaia polar eraginkorra lortzeko, funtsean eskiak eta txakurrak maneiatzea, hurrengo espedizio britainiarretan jarraituko zuen gabezia Antartikako "garai heroikoan" zehar.
James Clark Ross-ek (Britainiako Marina Errealeko kapitaina), 1939-1943 bitartean, hiru bidaia burutu zituen Antartikara HMS Erebus eta HMS Terror itsasontziekin. Garai hartan ezezaguna zen Antartikako sektore berri bat aurkitu eta esploratu zuen, geroko espedizio britainiar askoren lan eremu izango zena[1]. Rossek eskualde honen geografia orokorra ezarri zuen, aurkikuntzarik esanguratsuenak honako hauek izan ziren: Ross itsasoa, Ross izotz hesia, Ross irla, Viktoria Lurraldea, McMurdo itsasartea, Crozier lurmuturra eta, Erebus eta Terror sumendi bikiak. Ross kapitaina behin baino gehiagotan saiatu zen izotz hesia zeharkatzen, baina ez zuen lortu. 1842ko otsailean heldu zen hegoalderen, zehazki 78° 10' H puntura. Eremu horren ekialdera lurra zegoenaren susmoak zituen, baina inoiz ezin izan zuen horren ziurtasunik eman[2].
Esplorazio honen ostean, gutxienez beste bost hamarkadatan, ez zen erregistratu Ross kapitaina baino hegoalderako heldu zen esploraziorik. Antartikako eremu hori ez zen berriro gizakiarengandik esploratu 1895era arte, Norvegiako baleontzi bat Adare lurmuturrera (Victoria Lurraldearen hegoaldeen dagoen puntua) iritsi zen arte. Lau urte beranduago, 1899an, Carsten Borchgrevink esploratzaileak (Antartic baleontziaren lehorreratzean parte hartu zuen) Southern Cross ontzian espedizio berri bat abiaraztea erabaki zuen. Bere komisioak 35000 GBP jaso zituen finantziazio moduan George Newnes handikiaren eskutik. Honek jarri zuen baldintza misioak Antartika Britanikoa Espedizioa izen ofiziala izango zuela izan zen. Adare lurmuturrean lehorreratu ostean, Carstenek etxola bat eraiki zuen 1899eko negua bertan pasatzeko asmoz. Horrela 1900eko udaran abiatu zen hegoaldera, Ross itsas hesiko senadira. Azkenean, hiru esploratzaile hesiaren azaletik lera bitartez abiatu ziren, 78° 50' Hpuntura iritsi ziren arte, eta horrela Farthest South berria markatu zen[3].
Discovery Espedizioa aurrera eramateko ideia XIX. mende bukaera eta XX. mende hasiera bitartean sortu zen, lurralde antartikoak esploratzeko interes handia zegoen garai hartan. Discovery-k bidaia abiatu eta egun gutxi batzuk beranduago esplorazio aleman bat ere Antartikara abiatu zen, Erich von Drygalski-ren buruzagitzapean, beraien nahia Kemp itsasertza esploratzea zelarik. Aldi berean, Otto Nordenskjöld esploratzaile suediarrak Graham Lurraldera abiatu zuen beste esplorazio bat, eta Frantziako beste espedizio bat Antartikako penintsulara abiatzeko prestatzen zegoen Jean-Baptiste Charcot-en gidaritzapean. William Speirs Bruce zientzialari eskoziarra berriz, Weddell itsasoan esplorazio zientifikoa antolatzen ari zen.
John Barrow-ren (Almirantazgoaren bigarren idazkaria) influentziari esker, Gerra Napoleonikoen ostean esplorazio polarrak Britainiako Marina Errealaren ohiko aktibitate bilakatu ziren[4]. John Franklin-en espedizioak eragindako galeren ostean, ordea, interesak beherantz egin zuen. Izan ere, Frankil-en espedizioa 1845ean itsasoratu zen Ross, Erebus eta Terror ontzietan, Ipar-mendebaldeko pasaiaren bila, eta ez zen beraien berri sekula gehiago izan. Antzeko gertaera bat izan zen 1874-1876 bitarteko Antartikako esplorazioarena, zeina George Nares-ek gidatua izan zen, eta emaitza txarrak izan zituen. Hori dela eta, Almirantegoak Antartikoko esplorazioak arriskutsuak, garestiak eta inutilak zirela erabaki zuen[5].
RGS-ren idazkari, Clements R. Markham (gerora lehendakariaren postua hartu zuena), nabigatzaile izandakoa zen, 1851an Franklin-en bila atera ziren espedizioan parte hartu zuen nabigatzaile ohia zen. Hori dela eta, Marina Errealak egindako komisioen aldekoa zen, beraien garrantzi historikoa ulertzen zuelarik. 1893 bukaeran aukera berri bat suertatu zitzaion, John Murray biologoa (1870ean Antartikako itsasertza bisitatu zuen Challenger Espedizioarekin) RGS-rekin kontaktuan jarri zenean “zientzia britaniarrarentzat etekina ateratzeko” eskala handiko espedizio antartiko bat egiteko asmoz. Honetarako, The Renewal of Antartic Exploration izeneko dokumentu bat aurkeztu zuen. Bere proposamenak babesa jaso zuen, Markham eta herrialdeko instituzio garrantzitsuena, Royal Society, aldeko zeudelarik. Ondoren, Sozietate bietako ordezkaritzak batu ziren espedizioarekin lotutako puntu garrantzitsuenak erabakitzeko. Markham-en bisioa, irteera aurretik osotasunean garatutako ontzi abenturaren ideia (Ross eta Franklin-ek erabilitakoaren antzekoa) komisioaren parte batek ukatua izan zen, baina bere pertseberantzia hainbestekoa izan zenez, azkenean espedizioak berak emandako hainbat ideiarekin puntu komunak izan zituen. Bere lehengusu eta biografoak geroago idatzi zuen espedizioa "bere garunaren sorrera, bere energia iraunkorraren emaitza" izan zela[6].
Markham-ek, denbora zeraman nabigatzaileen inguruko notak hartzen, bere iritziz espedizio polar baten erantzukizuna hartzeko gaitasuna izateko itxura zutenen inguruan, aukera gertatzen zen unerako. Horrela ezagutu zuen lehen aldiz Robert Falcon Scott guardia, 1887an, San Cristobal irlan, HMS Rover-en zegoela. Hamahiru urte beranduago, Scott (ordurako HMS Majestic-eko tenientea), Markham-ekin aurkitu zen Londresen eta honek espedizioaren zuzendaritza eskaini zion. Scott beti izan zen Markhamen planen parte, nahiz eta ez zen bere lehenengo aukera izan. Aurretiko hautagaiak jada zaharturik zeuden postua eramateko edo besterik gabe ez zeuden libre, eta horregatik izan zen aukeratua. Behin Markham-en babesa jasota, Scott-en izendapena 1900eko maiatzaren 25ean eman zen, eta ia aldi berean komandante mailara igo zuten.
Espedizioaren ordena estrukturala oraindik erabaki gabe zegoen. Hasieratik Markham-ek esplorazioaren liderra marinako ofizial bat izan behar zela zehaztu zuen, eta ez zientzialari bat. Scott-ek, bere izendapenaren ostean Markham-eri idatzi zion testu batean, “ontziaren eta tripulazioaren kontrol osoa izan behar zuela” adierazi zuen, eta ondorengo izendapen guztiak berarekin kontsultatuak izan behar zirela nabarmendu zuen. Hala ere, komiteak jada, Markham-en oniritziarekin, John Walter Gregori Melbourneko Unibertsitateko geologia irakaslea izendatu zuen espedizioko zuzendari zientifiko gisa. Gregory-ren ikuspuntua, komiteko Royal Society-ren atalak babestua, tripulazioaren kontrola eta organizazioa bere eskuetan egon behar zela zen: “Kapitainak jarraibideak izango lituzke dragatzeko, atoian eramateko eta abarretarako behar den laguntza emateko, eta, beharrezkoa denean, ontziak zientzialarien eskura jartzeko.” Kontu hauen inguruko ondorengo eztabaidetan, Markham-ek argudiatu zuen Scott-en espedizioaren gaineko kontrola osoa eta zalantzarik gabea izan behar zuela, eta Scott bera ere temati agertu zen, bere dimisioarekin mehatxu egin zuelarik. Markham eta Scott-en ikuspuntuak gailendu ziren, eta Gregory-k dimisioa aurkeztu zuen lan zientifikoa ez zela “ontzi-abenturaren mendeko” egon behar adieraziz.
Eztabaida honek sozietateen arteko harremanak hondatu zituen, eta egoera horrek aurrerago ere eragina izan zuen, espedizioa bukatu ostean ere bai, espedizioaren kalitate eta hedaduraren gainean egindako kritiketan ere islatu zelarik. Markham-ek adierazi zuen ontzi-ordenaren inguruko bere ekitea, funtsean, tradizio eta estilo arazo bat izan zela, eta ez zientziaren gaineko errespetu falta. Argi utzi zuen baita ere, aurrekoek baino latitude handiagoa lortzeko nahia “ez zela babesteko duina”[5][4].
Markhamek Marina Errealaren espedizio -oso- bat espero zuen, baina Almirantegoak ohartarazi zion "Itsas Zerbitzuaren egungo eskakizunek eragotzi egingo zietela ofizialak ematea". Hala ere, Almirantegoak bai Scott eta bai Charles Royds, bai Michael Barne, eta baita Reginald Skelton ere tripulaziora batzea onartu zuen. Espedizioan parte hartu zuten gainontzeko ofizialak merkataritza-nabigaziotik zetozen, beraien artean Albert Armitage. Armitage Discovery komisioaren komandoan bigarrena izan zen, espedizio polarretan esperientziaduna zen, jada artikoko esplorazio batean parte hartua baitzen Frederick George Jackson eta Ernest Shackletonekin batera, honako ardurak burutu zituelarik: kubiertako hirugarren ofiziala kargaren, elikagaiak eta horniduraren arduraduna, baita  entretenimendurako espektakuluen arduraduna ere[7]. Almirantegoak hogei kontramaisu eta nabigatzaile ere eman zituen, eta gainontzeko tripulazioa merkataritza-zerbitzuko kideak eta zibilak izan ziren. Beheko kubiertara esleituak izan zirenen artean, zenbait beterano zeuden: Frank Wild, William Lashly, Tom Crean (Zeelanda Berrian nabigatzaile baten desertzioaren ondoren batu zen) Edgar Evans eta Ernest Joyce. Espedizioa Marina Errealeko proiektu ofiziala ez izan arren, Scott-ek Marinako lerrokatzearen pean egitea proposatu zuen eta Ontzigintza Diziplinako Legearen pean lan egitea hitzartu zuen tripulazioarekin[8][9][10].
Bestalde, talde zientifikoa esperientzia gabeko pertsonalak osatzen zuen. John Walter Gregory ordezkatzen Geroge Murray doktorea sartu zen espedizioaren zuzendari zientifiko gisa. Mota honetako komisioetan esperientzia zuen zientifiko bakarra Louis Bernacchi zen, zeinak Borchgrevink-ekin lan egina zuen analista meteorologo moduan. Espedizioko geologoa, Hartley Ferrar, Cambridge-n graduatu berriko 22 urteko mutila zen. Thomas Vere Hodgson itsas-biologoa, Plymouth-eko hiriko arte galeria eta museokoa, pertsona helduagoa zen, doktoreetatik nagusiena. Bestetik, Reginald Koettlitz, 39 urtekoa, espedizio guztiko zaharrena zen. Koettlitz-ek, Armitage-k bezala, aurretiaz Jackson-Harmswoth espedizioan parte hartu zuen. Doktore gazteena Edward Wilson zoologoa zen, Scott-en laguna, zeinak kapitainari falta zitzaizkion lasaitasuna, pazientzia eta objektibitatea zituen.
Discovery Espedizioaren guztizko kostua 90000 libera esterlinakoa izan zen, eta horietatik 45000 eskaini zituen gobernu britaniarrak, beti ere sozietate bien artean kopuru berdina batzea lortzen bazuten. 45000 librak batzea lortu zuten sozietateek: 25000 eman zituen RGS-ko kide zen Llewellyn Longstaff aberatsak; RGS-ak 8000 libra eman zituen, ordura arte espedizio bati eman zion kopuru altuena eta Alfred Harmsworth-ek (gerora Lord Northcliffe bezala ezaguna) 5000 libra jarri zituen, aurretiaz Jackson-Harmsworth espedizioa ere finantzatu zuen. Gainontzeko laguntza donazio txikiekin batzea lortu zen. Esan beharra dago espedizioak laguntza komertziala ere jaso zuela: Colman´s-ek mostaza eta irina eman zituen; Cadbury´s-ek 3500 libera txokolate; Jaeger-ek %40-ko deskontua tripulazioaren arropetan; Bird´s-ek laberako hautsak, Bovril-ek okela estraktua, eta beste hainbatek ere egin zituzten esploraziorako ekarpena[11].
Espedizioaren itsasontzia Dundee Shipbuilders Company enpresak eraikia izan zen. Antartikako uretan nabigatzeko diseinatua eta ikerkuntzarako espezializatua izan zen, eta britainiar lurretan eraikitako egurrezko hiru mastako azken itsasontzietako bat izan zen. Itsasontzia eraikitzearen kostua 34050 libra ingurukoa izan zen, gehi 10322 motorrak eta modifikazio guztiak kontuan izanda 51000 librako kostua izan zuen osotasunean. Itsasontziari jarri zioten izenak nabigazioaren historiarekin zerikusia zuen, adibidez Nares espedizioan erabilitako itsasontzietako batekin, espedizio hartan erabilitako ontzi zaharraren ezaugarrietako batzuk gehitu baitzitzaizkion misio berriko itsasontziari.
Ontzia lady Markham-ek uretaratua izan zen 1901eko martxoaren 21ean, SS Discovery izenarekin (Royal Research Ship ezizena 1920an jaso zuen eta Ikerkuntzarako Itsasontzi Erreala litzateke euskaraz). Marina Errealeko itsasontzia ez zenez, Almirantegoak ez zuen onartu Discovery-k San Jorge-ren entseina eramatea. Beraz, itsasontziak azkenik Merkataritza Marinako Legearen arabera nabigatu zuen, RGS-ren bandera entseina erabiliz, baita entseina urdina eta Royal Harwich Yateen Clubeko bandera.
Aurreko Ross eta Borchgrevink espedizioetan bezala, Discovery Espedizioak antartikoko Ross itsasoa zuen helburu. Kontinenteko beste gune batzuk kontsideratu ziren arren, “ezezagunera joateko ezagunetik hasi behar” izatearen ideia zuten. Espedizioaren bi helburu nagusiak komitearen “Komandantearentzako Aginduetan” laburbildu ziren: “Espedizioaren irismenean, Hego poloko lurren natura, baldintza eta hedapena ahal bezain beste zehazteko” eta “hegoaldeko eskualdeetatik berrogei paraleloaren hegoaldera bitarte azterketa magnetikoa egiteko, eta ikerketa meteorologikoak, ozeanografikoak, geologikoak, biologikoak eta fisikoak burutzeko”. Instrukzioek hitzartzen zutenez “helburu horiek ezin zuten bata bestearen menpe egon”.
Helburu geografikoen inguruko instrukzioak zehatzagoak izan ziren: Helburu geografikoari buruzko jarraibideak zehatzagoak bihurtu ziren: "Interes geografikoko puntu nagusiak hauek dira: [...] Sir James Rossen izotz-hesia bere ekialdeko muturreraino esploratzea; Rossek ekialderantz hesia alboetan zuela uste zuen lurra aurkitzea, edo ez dagoela egiaztatzea [...] Izotzean negua igarotzea erabakiko balute... esplorazio geografikoari dagokionez, [...] mendebaldeko mendietarantz aurrera egitea, hegoalderantz aurrera egitea eta eskualde bolkanikoaren esplorazio batera bideratzea erabaki beharko lukete ".
Discovery ontzia Cardiff-etik abiatu zen 1901eko abuztuaren 6an, eta Ciudad del Cabo-tik pasata (eta 40° H desbideratzen bat emanda azterketa magnetiko bat egiteko) azaroaren 29an heldu zen Zelanda Berrira[12]. Hiru asteko azken prestakuntzaren ostean, itsasontzia prest geratu zen hegoalderako ibilbidea hasteko. Abenduaren 21ean istripu bat gertatu zen Lyttelton-eko portutik ateratzen zeuden bitartean. Charles Bonner marinel gaztea, masta nagusiko puntara igota zegoen portuan agurtzen zegoen jendeari txaloak itzultzeko asmoz, eta erori egin zen. Bi egun beranduago ehortzi zuten izan zen Port Chalmers-en.
Ondoren, Discovery ontziak hegoalderantz nabigatu zuen eta 1902ko urtarrilaren 9an heldu zen Adare lurmuturrera. Borchgrevink-eko kanpamenduko hondakinak aztertzeko geldialdi baten ostean, itsasontziak hegoaldera bidaia jarraitu zuen Victoria Lurraldearen itsasertzean zehar. McMurdo-ko itsasartean ontziak ekialderantz biratu zuen, eta Crozier lurmuturrean lurreratu ziren. Bertan, mezu-puntu bat instalatu zuten, beharrezkoa izanez gero laguntza ontziek espedizioa kokatu ahal izateko. Ondoren, Hesiaren ekialdeko muturreraino jarraitu zuen, non, urtarrilaren 30ean, Rossek aurrez esandako lurra berretsi zen, Eduardo VII.a Erregearen Lurraldea izena eman zitzaiona.
Otsailaren 4an, Scott Hesian lurreratu zen eta aireko azterketak egiteko eskuratu zuen behaketarako globo bat ezarri zuen. Geroago, globora igo eta 600 oinetara (183 metro) igo zen bizkor batean, globoa lurrera ongi lotuta zegoela. Shackleton-ek jarraitu zion bigarren hegaldi batekin. Biek beatu ahal izan zuten hesiaren hedapena amaigabea zela. Wilson-ek pertsonalki pentsatu zuen hegaldiak “zorakeri perfektua” izan zirela[13].
Ondoren, Discovery ontzia mendebaldera abiatu zen geraleku iraunkor bila. Otsailaren 8an McMurdo-ko itsasartean sartu zen, eta egun horretan bertan aingura bota zuen hegoaldeko ertzean, gerora Winter Quarters Bay izenez bataiatu zuten lekua. Wilsonek honela idatzi zuen: “Denok konturatu ginen gure zori onaz honelako negu-ostatu batera gidatuak izatean, ontziarentzako segurua, eta izotzaren presioaren kontrako babesleku perfektua.” Stoker Lashly-k ordea “leku triste” bezala ikusten zuen. Lurreko lanak, penintsula harritsu batean txabolak eraikiz hasi ziren gerora Hut Point deituriko lekua. Scott-ek tripulazioak itsasontzi barruan bizitzen eta lanean jarraitu behar zuela erabaki zuen, ontzia itsasoko izotzetan izoztua izatea onartuz, eta hasierako kanpamendua bizileku eta biltegi bezala erabiliz.
Espedizioko taldean ez zegoen eskiekin esperientzia zuen inor, eta txakurren lerekin trebetasuna zuten bakarrak Bernacchi eta Armitage ziren. Teknika horien perfekzionamenduan egindako tripulazioaren ahaleginak ez ziren oso emankorrak izan, eta espedizioaren lanak animaliarik gabe burutzeko Scott-en ideiak indarra hartu zituen. Baldintza ezezagunek zekartzaten arriskuak agerian geratu ziren martxoaren 11an, Crozier lurmuturrera heltzeko ahalegina egin zuen talde bat, babeslekura bueltan zihoala elur erauntsi bat heldu eta, elur malda batean harrapatuta geratu zenean. Talde horretako kide bat, George Vince, lur seguruago baten bila zebilela, itsaslabarrean irrist egin eta hil zen. Bere gorpua inoiz ez da aurkitu; bere omenez, Hunt Point-eko tontorrean gurutze bat dago inskripzio batekin.
Neguko hilabeteetan, maiatzetik abuztura, zientzialariak lanpetuta egon ziren laborategietan, taldea eta gainontzeko dendak berriz, hurrengo denboraldirako prestatuak izan ziren. Erlaxatzeko, emanaldi amateur-ak eta irakurketa formako heziketa-aktibitateak egiten zituzten. Shackleton-ek, garai horretan bertan South Polar Times izeneko egunkari bat editatu zuen. Kanpoaldeko aktibitateak ere ez ziren gelditu; izotzetako futbolaz gain, azterketa magnetikoak eta meteorologikoak egin zituzten. Negua bukatu zenerako lera lasterketak berrartu zituzten, izan ere, ekipoa eta anoak frogatu behar zituzten aurreikusita zuten hegoalderako bidaia prestatzeko. Bidaia horretan Scott, Wilson eta Shackleton ere parte hartuko zuten. Bitartean, Royds-ek lideratutako talde batek, Crozier-eko lurmuturrera bidaiatu zuen han kokatutako postuan mezu bat uzteko, eta bidaia horretan enperadore pinguinoen kolonia bat aurkitu zuten. Beste talde batek, Armitage-k lideratuta, mendebaldeko mendiak aztertu zituen, eta urrian bueltatu ziren eskorbutoaren lehen sintomak zituztela. Espedizioaren elikadura berriz aztertua izan zen, eta honekin eskorbuto agerraldia eustea lortu zuten.
1902ko azaroaren 2an, Scott, Wilson eta Shackleton txakur eta hainbat gizonez lagunduta abiatu ziren hegoaldera. Beraien asmoa “ahal zuten bezain hegoalderen heltzea zen, izotz hesian linea zuzena jarraituz, eta ahalko balik Poloa aurkitu edo beste lur berriren bat”. Bidaiaren lehen lorpen esanguratsua azaroaren 11an eman zen, sostengu talde batek errekorra bete zuenean “hegoalderen ibilitako distantzia” bete zutenean, aurretiaz Borchgrevink lortua, 78° 50' H. Baina oso motel egiten zuten aurrera, txakurren-lerekin ez zutelako esperientzia nahikorik. Azaroaren 15ean, jada sostengu taldeek buelta egin zutenean, Scott-en taldekideak karga aldatzen hasi behar izan zuten (karga erdia aurrera eraman, eta beste erdiaren bila buelta ematen), horrela 3 milia mugitzen ziren hegoaldera egiten zuten milia bakoitzeko. Txakurren janariari dagokionez ere hainbat eragozpen egon ziren, hori dela eta animaliak ahultzen joan ziren. Wilsonek, hortaz ohartuta, ahulen zeudenak hil zituen jan bezala emateko besteei. Aldi berean, gizonak ere ahultzen joan ziren, elur itsutasuna, izoztea eta eskorbutoaren sintomak pairatzen hasi zirelarik. Hala ere, hegoalderako bidea jarraitu zuen mendebaldeko mendien paraleloki. Gabonak errazio bikoitzekin ospatu zituzten, eta Shackleton-ek apropos bere galtzetinen artean gordeta eraman zuen budinarekin. Abenduaren 30ean iritsi ziren hegoalderen, 82° 17' H. Arazoak bikoiztu egin ziren kanpamendura buelta egin zutenean, geratzen ziren txakurrak hil egin baitziren eta Shackleton eskorbutoz gaixotu zen. 1903ko urtarrilaren 14an Wilsonek bere egunerokoan zera idatzi zuen: “denok izan genituen eskorbutoaren sintoma arinak”. Scott, Wilson eta Shackleton-ek (bakarrik joateko ez zen gai) oinez eta tarteka lera erabiliz egin zuten buelta kanpamendura. Azkenean, taldea 1903ko otsailaren 3an heldu zen itsasontzira bueltan, 960 milia (1545 km) egin ostean, geldialdiak barne, 93 egun iraun zuen bidaia hartan egunean 10 milia (16 km) inguru ibili ostean.  
Hegoaldera abiatu zen taldea oraindik falta zela Morning sorospen barkua kanpamendura iritsi zen, hornigai gehiago zekartzala. Espedizioko antolatzaileek Discovery 1903aren hasieretan izotzetatik libre geratuko zela uste zuten, horrela Scott-eri negua iritsi baino lehen esplorazio eta itsas-azterketa gehiago egiteko aukera emango ziolarik. Hasiera batean, Discovery ontzia Zeelanda Berrira martxoan edo apirilean iritsiko zela uste zuten, handik ozeano Baretik Ingalaterrara joango zen, itsas-azterketak ibilbide guztian zehar jarraitu ahalko zituztelarik. Morning ontzia arduratuko zen Scott-ek ibilbidean zehar behar izango zuen edozein laguntza emateaz.
Plan guzti hori, ordea, bertan behera gelditu zen, Discovery ontzia izotzetan blokeatuta geratu baitzen. Markhamek egoerari aurrea hartu zion eta Morning ontziko William Colbeck kapitaina isilpeko gutun batekin iritsi zen hegoaldera, zeinetan Scott-i beste urte betez antartikoan jarraitzeko baimena ematen zitzaion.  Espedizioaren iraupenaren luzapen hau ikusita, tripulante batzuek Morning-en aurkitu zuten etxera bueltatzeko aukera. Beraien artean, baina ez bere borondatez, Shackleton zegoen, Scott-ek erabaki baitzuen “ez luke arriskatu behar zailtasun gehiago bizitzera aurkitzen den osasun egoeran”. Une horretan, Scott eta Shackleton-en harremanaren apurketa eman zen, aurretiaz hegoalderako ibilbidean sortu zen eztabaida bat aurrekari zuelarik. Espedizioa 1904an Ingalaterrara heldu zenean Shackleton-ek ongi etorria egin zien, eta handik gutxira gutun adeitsu bat bidali zion Scott-i.
Behin 1903ko negua bukatuta, Scott espedizioaren bigarren bidaia garrantzitsua prestatzen hasi zen: mendebaldeko mendietara igoera eta Victoria Lurraldearen barrualdeko azterketa. Urte bete lehenago Armintage-k gidatutako taldea aitzindaria izan zen ibilbidea egiten 8900 oinetara (2713m) iritsi arte, baina Scott-ek puntu horretatik ekialdera joan nahi zuen, eta posible balitz Hegoalde Magnetikoko Polora iritsi. Elur-lera akastun batzuekin hasiera txar bat egin ostean, Scott, Lashly eta Edgar Evans parte zituen talde bat Discovery ontzitik abiatu zen 1903ko urriaren 26an.
Glaziar handi bat igo ostean, zeina taldeko Ferrar geologoaren omenez bataiatu zuten, 7000 oinetara (2134 m) iritsi ziren, eta hurrengo astea kanpamendu baten barnean pasa behar izan zuten elur ekaitz baten erruz. Haizete eta guzti, azaroaren 13an glaziarraren puntara heltzea lortu zuten. Gero Armitage-ren furthest poin-etik harantz egin zuten, ibilbidean meseta polarra aurkitu zutelarik, eta horrela haren gaindi ibili zen lehen taldea izan zen. Sostengu taldeak eta geologo taldeak buelta egin zutenean, Scott, Evans eta Lashly mendebalderantz egin zuten beste zortzi egunetan ordokian zehar, horrela 150 miliako distantzia eginez eta beraien mendebalderanzko punturik handiena lortuz azaroaren 30ean. Glaziarrerako igoeran nabigaziorako taulak galdu zituzten, hori dela eta ez zekiten non aurkitzen ziren zehazki, eta ez zuten pistarik beraien kokapena zehazteko. Baldintzak zirela eta, Ferrar glaziarrera bueltan ezin izan zuten orduko milia bat baino gehiago egin, bitartean hornigaiak agortzen zihoazen, eta Scott-en gutxi gorabehjerako orientaziora mugatuta zeuden guztiak. Glaziararen jaitsieran, izotzik gabeko eskualde edo haran lehor bat aurkitu zuten, antartikoan gutxi ikusten den fenomeno bat. Lashly-k honela deskribatu zuen leku hura “patatak landatzeko leku perfektua”. Abenduaren 24an taldea Discovery-ra iritsi zen, joan etorriko 59 eguneko ibilbide hartan 700 milia ibili ostean. Ibilbide horretan, animaliarik gabe, egunean egindako 14 miliako batezbestekoa, aurreko bidaian txakurrekin egindakoa baino hobea izan zen, eta honek espedizioetan txakurren erabileraren kontrako Scott-en iritzia indartu zuen gerora. David Crace historialari polarrak mendebalderako bidaia hau “historia polarreko bidaia hoberenetako bat” gisa katalogatu zuen.
Scott-ek uste zuen taldea Discovery-ra bueltatzen zenerako ontzia izotzetik askatua egongo zela, baina ez zen horrela izan. Ontzia izotzetatik askatzeko zerra bereziekin aritu ziren lanean, baina 12 egunen ostean, uraren mailatik soilik 450 oineko (137 m) bi mozketa egitea lortu zuten.
1904ko urtarrilaren 5ean, Morning errelebo barkua iritsi zen, oraingoan Terra Nova izeneko beste barku batekin batera. Colbeck-ek Almirantegoaren instrukzio zehatzak zituen: Discovery ontzia data jakin baterako izotzetatik askatua ez bazen, tripulazioak eta haren kargak laguntza barkuetan buelta egin beharko zuten Ingalaterrara. Ultimatum hau bigarren espedizioaren kostuetarako Markham diruzaintzaren mende zegoelako izan zen, espedizioaren fondoa txikia edo ezer ez baitzen jada. Hori dela eta, Almirantegoak kostuak bere gain hartuko zituen baina soilik bere terminoak errespetatuz gero.
Hiru kapitainen artean Discovery askatzeko azken data zehaztu zuten, otsailaren 25a, eta hortik aurrera Discovery Hut Point-etik askatzeko denboraren aurkako lasterketa hasi zen. Scott badaezpada ikerketa zientifikoko aleak beste itsasontzietara pasatzen hasi zen. Leherkariak erabili zituzten izotza apurtzeko, baina hala ere urtarrila bukaeran oraindik Morning eta Terra Nova itsasontziak Discovery-tik 3 kilometrotara aurkitzen ziren. Otsailaren 10ean Scott kapitainak espedizioko barkua bertan utzi beharko zuela onartu zuen, baina 4 egun beranduago izotza bat-batean apurtu egin zen eta sorospen barku biak Discovery-ren alboan kokatu ahal izan ziren. Otsailaren 16an, azken leherkari karga batek geratzen zen izotza mugitu ahal izan zuen, eta hurrengo egunean, ontzia zati batez banku batean jauzita egon ostean, Discovery-k Zeelanda Berrirako bidaiari ekin zion.
Ingalaterrarako itzuleran, hasieran ongietorria apala izan zen. Markham, 1904ko irailaren 10ean, ontzia Portsmouth-eko portura iritsi zenean presente egon zen, baina ontzia bi egun beranduago Londresera iritsi zenean ez zen dignatariorik beraien zain egon. Hala ere, ikusle andana bildu zen Discovery ontziari gogotsu ongi etorria egiteko asmoz, eta ostean hainbat errekonozimendu ofizial jaso zituzten. Scott kapitain mailara igo zuten, eta Balmoral gaztelura gonbidatu zuten Eduardo VII-ekin biltzeko, zeinak Viktoriar Errege-Ordenako komandante izendatu zuen. Gainera, hainbat domina eta golardo lortu zituen, horien artean Frantziako Ohorezko Legioa. Espedizioko gainontzeko ofizialak eta tripulazioa medaila polarrez eta maila igoerez aitortu zituzten.
Espedizioaren lorpen geografiko nagusiak honakoak izan ziren: Eduardo VII-ren Lurraldearen aurkikuntza; mendebaldeko mendien igoera; Meseta Polarraren aurkikuntza, eta lehenengo lera bidaia mesetan; eta hesira bidaia 82° 17'H kokalekuko Farthest South-era. Aldi berean, Ross islaren izaera zehaztu zen eta Mendi Transantartikoen kokapena 83° H zehaztu zen, eta 200 mendi baino gehiagoren kokapena eta altuera kalkulatu zen. Beste hainbat paisaia eta ezaugarri identifikatu eta bataiatu ziren, eta itsasertzeko ikerketa zabala burutu zen.
Garrantzi zientifiko bereziko beste aurkikuntza batzuk ere eman ziren. Horien artean, McMurdoko mendebaldeko mendietako haran lehorra, enperadore koloniak Crozier lurmuturrean, Ross izotz hesia izotz plataforma flotantea zenaren ebidentzia zientifikoak, eta Ferrar-ek aurkitutako hosto fosil bat zeinak Antartika Gondwana superkontinentearekin lotzeko aukera ezarri zuena. Milaka ale geologiko eta biologiko eskuratu zituzten, eta itsas-espezie berriak aurkitu ziren. Gainera, Hegoaldeko Polo Magnetikoaren kokapena prezisio nahikoz kalkulatzea lortu zen.
Azpimarratu beharra dago, William Wharton hidrografoak (Hidrografia Marinako aurreko nagusiak) Discovery Espedizioaren aurkikuntza zientifikoak berretsi zituela. Hala ere, emaitza meteorologikoak argitaratu zirenean, informazioaren zehaztasunak hainbat zientifikoren eztabaida piztu zuen, Charles Chree doktoreak, Londresko Fisika Sozietateko lehendakariak ere eztabaidan parte hartu zuelarik. Scott-ek bere lantaldearen lana defendatu zuen, baina pribatuan onartu zuen Royds-en lana “izugarri zabarra” izan zela.
Eskorbutoa saihestu ezaren akatsa, espedizioaren kulpa baino, gaixotasunaren zergatien gaineko ezjakintasun medikoa izan zen. Garai hartan, jakinekoa zen haragi freskoa jatea gaixotasunaren sendagaia zela, baina ez zen jakinekoa haragirik ez jatea gaixotasunaren zergati izan zitekeela. Beraz, itsas-txakurren haragi freskoa eraman zuten hegoalderako bidaian “eskorbutoa baldin bazuten” ere. Shackleton-ek, 1907-1909 bitartean egin zuen Nimrod Espedizioan, eskorbutoa saihestu zuen itsas-txakur eta pinguinoen haragia zuen dieta zorrotz bati esker. Edward Evans tenientea ordea, 1910-1913 bitarteko Terra Nova Espedizioan eskorbutoa zela eta ia hil zen, eta 1915-1916 bitarteko Ross itsasoko ekipoan gaixotasunak eragin suntsitzaileak izan zituen. Eskorbutoa arriskutsua izan zen, Discovery Espedizioa baino 25 urte beranduago gaixotasunaren zergatiak argitu ziren arte[14].
Errege Itsas Armadak Scott-i espedizioaren txosten ofiziala idazten utzi zion, The Voyage of the Discovery, 1905ean argitaratu zena eta atalen gehiengoa saldu zena. Txostenean Shackleton-ekin izandako eztabaida aipatu izanak are gehiago aldendu zituen biak, batez ere Shackleton gaixotu zenean leran eraman behar izan zuten denbora aipatu zuelako[15].  
Scott-ek denboraldi baterako bere itsas jarduera berrartu zuen, lehenengo Itsas-Inteligentziako zuzendariaren laguntzaile gisa, eta gerora, 1903ko abuztuan George Egerton kontraalmirantearen HMS Victorious bukeko kapitain gisa. Ordurako, Scott heroi nazional kontsideratu zuten, nahiz eta berak ez zuen publikoaren atentzioa gustuko. Bitartean, Discovery Espedizioa lorpen bezala aurkeztua izaten ari zen.
Espedizioaren parte hartzaileak aitorpenak jaso zituzten, eta askok hurrengo hamabost urteetan egin ziren beste hainbat espediziotan parte hartu zuten, bai babesle modura bai gia modura ere. Gainera, Scott, Shackleton, Frank Wild eta Ernest Joyce behin baino gehiagotan jaitsi ziren berriro izotzetara. William Lahsly eta Edgar Evans-ek Scott-ekin lan egiten jarraitu zuten hurrengo espedizioetan. Tom Crean-ek ere parte hartu zuen bai Scott-ekin bai Shackleton-ekin hurrengo espedizioetan. Edward Evans, Morning itsasontziko lehenengo ofiziala bere kabuz hasi zen beste espedizio batean pentsatzen, baina gero Scott-ekin batu zen 1910eko espedizioan.
Itsas-lanak berriz hartu eta gutxira, Scott-ek Royal Geographical Society-n aurkeztu zituen Antartikara itzultzeko bere asmoak, baina hori ez zen publikoki jakinarazi. 1907an Shackleton aurreratu zitzaion Scott-i, eta Hego Polo geografikoa eta magnetikoa aurkitzeko helburua izango zuen espedizio berri bat zuzentzeko bere esperantzak iragarri zituen. Bortxaz, Shackleton-ek McMurdo-ko itsasartean lan ez egitea onartu behar izan zuen, Scott-ek bere lan esfera zela baitzioen. Hala ere, kanpatzeko leku segururik ez zutenez aurkitu, Shackleton-ek bere promesa apurtu behar izan zuen. Bere espedizioa arrakastatsua izan zen, 88° 23' H kokapena lortu zuten, Hego polotik 100 mila baino gutxiagora, eta bere iparraldeko taldeak Hegoaldeko Polo Magnetikora heltzea lortu zuen. Baina promesaren hausturak Scott eta Shackleton-en arteko harremana are gehiago mindu zuen; Scott-ek “gezurti eta alproja” deitu zion Discovery-ko bere lankide ohiari.
Guzti honen ostean, Scott-en planak handinahikoago bilakatu ziren: bere helburu nagusia Hego poloa konkistatzea zen, eskala handiko zientzia eta geografia espedizioa eginez. “Afizionatuen” etiketarik ez zuen nahi espedizio berri honetan, Discovery horrela izendatu baitzuten batzuek. Horretarako, Edward Wilson kontratatu zuen zientifiko nagusi gisa, eta Wilson eskarmentudun ekipoa biltzeaz arduratu zen. Espedizio berria 1910eko ekainean abiatu zen Terra Nova itsasontzian, Discovery-ren sorospen barkuetako bat izan zenean. Bere nahiak oztopatuak izan ziren, beraiekin batera Roald Amundsen-en espedizio norvegiarra heldu baitzen Antartikara. Horiek izan ziren azkenean 1911ko abenduaren 14an Hego Poloa konkistatu zutenak. Amundsen-en espedizioa salbu iritsi zen Norvegiara, baina Scott-en espedizioa ez: beste lau kiderekin batera (Wilson barne) 1912ko urtarrilaren 17an heldu zen Hego Polora, eta kanpamendura bueltako bidaian hil zen.  

  • Coleman, Ernest C.. (2006). The Royal Navy in polar exploration: from Frobisher to Ross. Tempus ISBN 978-0-7524-3660-9. (Noiz kontsultatua: 2024-05-15).
  • Preston, Diana. (1 marzo 1999). A First Rate Tragedy: A Brief History of Captain Scott's Antarctic Expeditions. ISBN 978-0-09-479530-3. (Noiz kontsultatua: 2024-05-15).
  • Huntford, Roland. (1 octubre 1985). The Last Place on Earth. ISBN 978-0-689-70701-8. (Noiz kontsultatua: 2024-05-15).
  • a b Crane, David. (7 noviembre 2005). Scott of the Antarctic: A Life of Courage and Tragedy in the Extreme South. ISBN 978-0-00-715068-7. (Noiz kontsultatua: 2024-05-15).
  • a b Jones, Max. (9 octubre 2003). The Last Great Quest: Captain Scott's Antarctic Sacrifice. ISBN 978-0-19-280483-9. (Noiz kontsultatua: 2024-05-15).
  • Markham, Albert Hastings. (1917). The life of Sir Clements R. Markham, K.C.B., F.R.S. ... London : J. Murray (Noiz kontsultatua: 2024-05-15).
  • Fisher, Margery and James. (1 enero 1957). Shackleton. (Noiz kontsultatua: 2024-05-15).
  • Savours, Ann. (26 abril 2001). The Voyages of the "Discovery". ISBN 978-1-86176-149-1. (Noiz kontsultatua: 2024-05-15).
  • Fiennes, Ranulph. (13 octubre 2003). Captain Scott. ISBN 978-1-84032-871-4. (Noiz kontsultatua: 2024-05-15).
  • Smith, Michael. (6 septiembre 2001). An Unsung Hero: Tom Crean - Antarctic Survivor. ISBN 978-0-7472-5357-0. (Noiz kontsultatua: 2024-05-15).
  • «Measuring Worth - Purchasing Power of Pound» www.measuringworth.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-15).
  • Skelton, Reginald; Skelton, Judy; Reardon, N.. (10 septiembre 2019). The Antarctic Journals of Reginald Skelton: Another Little Job for the Tinker. (Noiz kontsultatua: 2024-05-16).
  • Wilson, Edward Adrian. (1 octubre 1966). Diary of the "Discovery" Expedition. ISBN 978-0-7137-0431-0. (Noiz kontsultatua: 2024-05-16).
  • Riffenburgh, Beau. (4 octubre 2004). "Nimrod": Ernest Shackleton and the Extraordinary Story of the 1907-09 British Antarctic Expedition. ISBN 978-0-7475-7254-1. (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
  • Huntford, Roland. (1985). Shackleton. Hodder and Stoughton ISBN 978-0-340-25007-5. (Noiz kontsultatua: 2024-05-17).
  • Wikipediako bilaketara joan