energia hidrauliko
- Teknologia orokorra
- en hydraulic power; hydropower; water power"
- es energía hidráulica
- fr énergie hydraulique
energia hidrauliko
Ez dago emaitzarik
Bilatutako terminoa ez dago hiztegian.
Energia hidrauliko
Energia hidraulikoa uraren mugimenduaren energia da. Argindarraren erabilera zabaldu aurretik, gizakiak energia hidraulikoa sarri erabiltzen zuen ureztatzeko, eta errotak, burdinolak eta oihal fabrikak ibilarazteko. Gaur egun, ordea, ia beti argindarra sortzeko erabiltzen da. Gaur egun, munduko elektrizitatearen % 15 zentral hidroelektrikoek sortzen dute, eta 35 estatu burujabetan baino gehiagotan argindar horniduraren % 50 baino gehiago ematen dute.
Energia hidraulikoa baliatuz, argindarra sortzen duen presa bat:
Errota batzuek aurretik zegoen ur-jauzi bat erabiltzen dute. Beste askok, aldiz, errota baino ehunka metro gorago, ibaiaren emariaren zati bat bideratzen dute, eta ahalik eta garaiera gutxiena galduta errotaren parera eramaten. Han, ur hori jatorrizko ibaia baino altuago dagoenez, energia potentziala izango du metatuta.
Zenbat eta garaiera-diferentzia handiagoa lortu uraren ibilbidean, handiagoa da jauzi horretan garatutako energia potentziala, eta, ondorioz, behealdean handiagoa da energia zinetikoa. Urak, goitik behera erortzean, beheko aldean dauden palari nahiz turbinari eragiten die eta mugiarazi egiten ditu.
Birarazten duen turbina hori errotaren ardatza izan daiteke, edo burdinola bateko mailuaren ardatza. Eta, turbina hori sorgailu elektriko baten ardatzari lotuta dagoenean, sorgailua elektrizitatea sortzeko erabiltzen da (zentral hidroelektrikoa).
Energia hidraulikoa gizakiaren probetxurako erabiltzearren, adibidez, ibaian, ibaiaren emariaren zati bat alboko kanal batera desbidera daiteke, eta ibai nagusiak altuera galdu duen aurreragoko puntu batera arte eraman. Han, kanaleko ura ibaiaren emari nagusira itzultzen da, eta elektrizitatea sortzeko erabiltzen da. Kasu horretan, ez da presarik eraiki beharrik izango, eta kalte txikiagoa egingo zaio ingurumenari.
Halakoetan, ez da energia askorik eskuratzen. Lor litekeen potentzia maximoa 10 MW baino txikiagoa denean, zentral hidroelektriko txikia edo minizentral hidroelektrikoa dela esaten da.
Minizentral hidroelektrikoak oso egokiak dira beharrizan txikiei erantzuteko. Ingurumenean ez dute kalte handirik sortzen, eta soluzio eraginkorra dira energia hidraulikoz argindarra sortzeko. Presa txikiak egiten direnean ere, arrainentzako pasabideak egin daitezke, eta ibaiaren ibilbidea guztiz oztopatu gabe utzi, ingurumenean ahalik eta kalte txikiena sortzeko.
Desabantailei dagokienez, zentral hidroelektriko txikiak ibaiaren emariaren menpe daude. Halakoetan, euri-sasoietan eta ibaiek ura dakartenean baino ez dugu lortuko elektrizitatea sortzea.
Gaur egun, zentral hidroelektriko txikiak bultzatzeko joera dago. Batez ere, ingurumenean kalte txikiagoa eragiten dutelako eta garapen jasangarriaren helburuekin bat datozelako.
Elektrizitatea sortzeko ura beti eskuragarri izan dezagun, ibaietatik datorren ura metatu egiten dugu batzuetan. Uraren ibilbidean presa bat eraiki eta urtegi bat sortuko dugu, hau da, elektrizitatea sortu behar dugunerako ur-biltegi bat.
Presak txikiak ere izan daitezkeen arren, presa eraikitzeko behar diren inbertsioak direla-eta, elektrizitatea sortzeko zentral hidroelektriko nagusiak handiak izan ohi dira.
Batzuetan —esaterako, Iguazu ondoko Itaipuko presan (12.600 MW) edo Txinako Yangtseko Hiru Arroiletako presan (18.000 MW)—, ingeniaritza-lan erraldoiak egin dira, uraren bidean hesi artifizial bat sortu eta ahalmen handiko zentral hidroelektrikoak lortzeko. Gaur egun, energia hidroelektrikoaren % 95 zentral hidroelektriko handietan —10 MW baino gehiagokoetan— sortzen da.
Energia hidroelektrikoa berriztagarria da, kutsadura txikiagoa sortzen du energia iturri fosilek baino. Urtegi bati lotuta doanean, behar denean sor daiteke elektrizitatea, eta oso aproposa eta bizkorra da energia-eskaera puntualei erantzuteko (adibidez, zentral nuklear batek oso geldo erantzuten diete aldiuneko energia-eskaerei).
Elektrizitatea sortzeaz gain, urtegi horiek ibaiaren ibilbidea erregulatzen dute, eta edateko uraren horniketa kontrolatzeko erabil daitezke. Urtaro euritsuetan ur-soberakinak pilatu, eta lehorteetarako ura izaten da.
Uholdeak kontrola ditzakete, eta nekazaritzarako lurrak ureztatzeko erabil daitezke. Izan ere, gaur egun jaten dugun janarien herena ureztatutako lurretatik dator.
Oso eragin handia dute ibai-sistemetan. Aldi batzuetan, ibaiaren bidea erabat moztu eta ibaiaren behe-isuria guztiz lehortzen dute. Elektrizitatea sortzen dutenetan, aldiz, bat-batean ur-emari handiak heltzen dira behe-isurira, eta lurra guztiz erosionatzen dute.
Gainera, garraiatzeko edota gure etxean erabiltzeko oso garbia eta erraza da.
Desabantailarik handienetako bat da zentral hidroelektrikoek sortutako argindarra metatzeko adinako bateriarik ez dagoela. Hau da, energia elektrikoa, sortu ahala, kontsumitu egin behar da. Eta erabiltzen ez dena galdu egiten da. Bestalde, zentral hidroelektrikoak egiteko, mantentzeko eta bizitza baliagarriaren bukaeran deuseztatzeko, erregai fosil ugari erre behar da: zenbat eta zentral handiagoa izan, orduan eta gehiago.
Gainera, zentral hidroelektriko txikiak ibaiaren emariaren menpe daude. Halakoetan, euri-sasoietan eta ibaiek ura dakartenean baino ez dugu lortuko elektrizitatea sortzea. Elektrizitatea sortzeko ura beti erabilgarri izan dadin, ibaietatik datorren ura meta daiteke, uraren ibilbidean presa bat eraikiz eta urtegi bat sortuz, hau da, elektrizitatea sortu behar denerako ur-biltegi bat.
Beti utzi behar da gutxieneko ur-isuri bat. Gainera, presa bat egiten denean, ibaian beherago dauden uren kalitatea ere asko pobretzen da. Mendietatik datozen sedimentuak ez dira behealdera pasatzen, eta uretan disolbatutako oxigeno-maila ere asko txikitzen da.
Presek izugarri aldatzen dute inguruko ekologia. Ibaian gora, milaka metro koadro urpean geratzen dira. Toki horietako hainbat pertsonek beren etxe eta bizibideak bertan behera utzi eta alde egin behar izaten dute, eta herriak urpean geratzen dira.
Guztiz beharrezkoa da, hortaz, ondo aztertzea ea proiektu hidrauliko bakoitzak ingurumenean eragindako kalteak onargarriak diren (baita minizentraletan ere).
Wikipediarekin konexio arazoren bat gertatu da:
Wikipediako bilaketara joan





