Nola erabili
Bilaketak
Kontsulta-interfazeak aukera ematen du termino bat atari honetan bildu diren bi baliabideetan batera bilatzeko. Trengintza Hiztegian, lau hizkuntzatako terminoak daude: gaztelania (es), euskara (eu), frantsesa (fr) eta ingelesa (en). Mario Leónen Diccionario del tren hiztegian, berriz, bederatzi hizkuntza landu dira; aurreko lauez gain, alemana (de), galegoa (ga), italiera (it), katalana (ca) eta portugesa (pt).
Atarian sartzean, bilaketa-laukiaren ezkerrean Lurraren ikonoa ikusiko duzu (IRUDIA). Egoera horretan, ez duzu zertan zehaztu zein hizkuntzatakoa den bilatu nahi duzun terminoa. Karaktereak idatzi ahala, horietatik hasten diren sarrera guztiak bistaratuko dira, aurretik hizkuntzaren laburtzapena dutela. Zerrendako lehena bada bilatu nahi duzuna, sakatu Sartu tekla, edo, bestela, nahi duzun terminoa hautatu zerrendatik.
Bilaketa hizkuntza jakin bateko terminoetan egiteko aukera ere baduzu. Horretarako, Lurraren ikonoan sakatu eta zabaltzen den zerrendako aukera bat sakatu behar duzu. Karaktereak idatzi ahala, hizkuntza horretako sarrera-aukerak soilik bistaratuko dira.
Emaitzak
Aurkitutako terminoa goian agertzen da, eta horren azpian, hiru ataletan banatuta, emaitzak. Ezkerraldean, bilaketa-laukian sartu duzun karaktere-segidaz hasten diren sarrera-terminoen zerrenda. Zerrendan bost sarrera baino gehiago daudenean, ez da osorik bistaratzen; zerrendako item guztiak ikusteko, sakatu + botoia.
Lehen atalean, Trengintza Hiztegiaren edukiak daude. Hau da kontzeptu bakoitzean ageri den informazioa:
- Jakintza-arloa
- Sin. Sin. laburduraren ondoren, terminoaren sinonimoak
- Ondoren, beste hizkuntzetako ordainak, nazioarteko hizkuntza-laburdura aurrean dutela: gaztelania (es), euskara (eu), frantsesa (fr) eta ingelesa (en)
- Irudia (dagokionean).
- Batzuetan, (Euskotren – ETS) agertzen da eu terminoaren ondoan. Horrek adierazten du termino hori horrela erabiltzen dela bi erakunde horien Zirkulazio Araudian.
Bigarren atalean, Mario Leónen Diccionario del tren hiztegiaren edukiak daude, hau da, bilatu duzun terminoak hiztegi horretako beste zortzi hizkuntzetan dituen baliokideen zerrenda.
Hirugarren atalean, bilatu duzun terminoaz dagokion hizkuntzako Wikipedian aurkitu dugun informazioa bistara dezakezu. Wikipediako artikulu baten hasiera bistaratzen da, eta, informazio gehiago nahi izanez gero, pasarte horren amaieran dagoen Wikipediarako lotura erabil dezakezu. Atal honetako informazioa automatikoki ekarria da Wikipediatik, eta, beraz, ezin da bermatu beti errelebantea denik. Nahiz eta zure bilagaia eta Wikipediak itzultzen duena grafia berekoak izan, batzuetan Wikipediako edukia ez dagokio Trengintza Hiztegian edo Mario Leónen Diccionario del tren hiztegian jaso den kontzeptuari. Wikipediak bere birbideratzeen ondorioz itzultzen duen azken terminoa bilatu duzun termino bera ez denean, 'Sarrera desberdina' ohartarazpena agertzen da. Beste batzuetan, desanbiguazio-orrirako esteka eskaintzen da, orri horretan egon daitekeelako bilatu duzun terminoak wikipedian duen artikulurako esteka.
Sistemak bilaketa-laukian idatzitakoa aurkitzen ez duenean, mezu hau bistaratzen du hiztegi bakoiztari dagokion emaitza-atalean: 'Bilatu duzun terminoa ez dago hiztegian.' Trengintza Hiztegiaren kasuan, hau ere agertzen da: 'Nahi baduzu, hiztegian sartzeko proposamena bidal dezakezu'. Proposamena jartzen duen tokian sakatuz, termino hori hiztegiratzeko proposamena bidal daiteke.
Kontsulta-aplikazioko botoiak eta informazioa
- : terminoa Twitter bidez partekatzeko
- : terminoa Facebook bidez partekatzeko
- : terminoaren inguruko iruzkina bidaltzeko
- : bilaketa-laukian termino bat sartzen duzunean, sistemak automatikoki bilatzen du hori, bigarren planoan, beste hiztegi hauetan: Elhuyar Hiztegiak webgunea, Elhuyarren ZTH - Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa, Laneki - Lanbide heziketako hiztegia eta Euskalterm datu-banku publikoa. Kurtsorea ikono honen gainean jartzean, jakingo duzu horietatik zeinetan den sarrera bilatu duzun terminoa, eta hiztegi horietako baten gainean klik eginez, dagokion guneko sarrera bistaratuko da, nabigatzailearen beste fitxa batean.
- : atariaren inguruko informazioa izango duzu botoi honetan klik eginez:
- Proiektua
- Kontaktua
- Laguntza
- Lege-oharra
Atzera egiteko edo aurreko leihora itzultzeko, nabigazio-leihoko geziaren gainean klik egin behar duzu.
Gaztelaniazko, euskarazko, ingelesezko eta frantsesezko interfazea aukeratu dezakezu. Uneko interfaze-hizkuntza goian eskuinean den laukiak adierazten du; hizkuntza aldatzeko, horren gainean kurtsorea jarri, eta zabaltzen diren eu, es, en eta fr aukeretako bat sakatu behar duzu.