soldadura

soldadura

  • Tailerra
  • en welding
  • es soldadura
  • fr soudage
Errailak aldatzeko soldadura-lanetan
Metro Bilbao

soldadura

  • ca soldadura f
  • de Schweissung f; Schweissen n
  • en welding
  • es soldadura f
  • fr soudure f
  • gl soldadura f
  • it saldatura f
  • pt soldadura f

Soldadura

Soldadura[1][2] edo Soldaketa bi material (orokorrean metalak edo termoplastikoak) batzeko erabiltzen den fabrikazio-prozesu bat da, eta, normalki, fusio edo koaleszentzia baten bidez lortzen da.
Soldaduran oinarrizko metala urtzeaz gain, material betegarri bat gehitu ohi zaio loturari, material urtuzko putzu bat (soldadura-putzua) osatzeko, hoztu egiten dena, oinarrizko materiala baino indartsuagoa izan daitekeen lotura bat sortzeko. Soldadura-prozesuek blindaje-motaren bat erabiltzen dute fusio-metalak kutsatuta edo herdoilduta egon ez daitezen babesteko.
Metalezko soldadura tenperatura baxuagoko lotura-tekniketatik bereizten da, hala nola, soldadura biguina (ingelesez, soldering) eta soldadura gogorra (ingelesez, brazing). Kasu hauetan bi lan piezen arteko lotura lortzeko fusio puntu baxuko materialaren urtzea behar da, betiere oinarrizkoa urtu gabe.
Soldadurarako energia-iturri asko erabil daitezke, besteak beste, gas-sugarra (kimikoa), arku elektrikoa (elektrikoa), laserra, elektroi-sorta, marruskadura eta ultrasoinuak. Askotan prozesu industriala bada ere, soldadura ingurune desberdin askotan egin daiteke; adibidez, aire zabalean, urpean eta kanpo-espazioan. Soldadura lan arriskutsua da eta erredurak, deskarga elektrikoak, ikusmenaren kalteak, gas eta ke pozoitsuak arnastea eta erradiazio ultramore biziaren eraginpean egotea saihesteko neurriak hartu behar dira.
Ingeniaritza garaikidean, soldaduraren kalitatea eta fidagarritasuna funtsezkoak dira egitura kritikoen segurtasuna bermatzeko (zubiak, hoditeriak, eraikin handiak edota presio-ontziak, adibidez). Funtzionamenduan zehar akats katastrofikoak saihesteko (hala nola, neke-hausturak), ikuskapen- eta kontrol-prozesu zorrotzak ezartzen dira industria-mailan. Alde batetik, soldadura-prozedurak (WPS, Welding Procedure Specification) eta soldatzaileen trebetasuna bera homologatu behar dira estandar internazionalen arabera (ISO edo ASME, esaterako). Bestetik, prozesua amaitu ondoren, begi hutsez ikusi ezin diren barne-akatsak —pitzadurak, poroak edo zepa-inklusioak— detektatzeko, saiakuntza ez-suntsitzaileak (NDT, Non-Destructive Testing) aplikatu ohi dira. Industria modernoan gehien erabiltzen diren teknikak ultrasoinu bidezko ikuskapena, partikula magnetikoak, likido sartzaileak eta erradiografia industrialak dira.[3]
Soldaduraren historia Brontze eta Burdin Aroan hasi zen, eta Indiako Delhiko burdinazko zutabea bezalako adibide goiztiarrak ditu. Erdi Aroan, errementariek sutegiko soldadura hobetu zuten, eta, horretarako, behin eta berriz berotu eta jotzen zuten metala. Artisau-prozesu hori asko garatu zen Errenazimentuan[4].
XIX. mendeak sekulako iraultza ekarri zion teknologia horri. 1800ean arku elektrikoa aurkitu zen eta, mende amaieran, metalezko elektrodoak eta erresistentzia bidezko soldadura asmatu ziren. Aldi berean, gas bidezko soldadura ezarri zen azetilenorako soplete praktikoak asmatzeari esker. Metodo hori oso ezaguna izan zen hasieran, eramangarritasuna eta kostu txikia zituelako, baina, XX. mendeak aurrera egin ahala, arku bidezko soldadurak ordezkatu zuen, batez ere elektrodo estaliak (urgarria) garatu ondoren; elektrodo horiek arkua egonkortu eta ezpurutasunetatik babesten zuten materiala.[5]
Lehen Mundu Gerrak ikaragarri bultzatu zituen prozesu hauek, itsasontziak konpondu eta armamentua (hegazkinak barne) azkar eraikitzeko behar militarraren aurrean. 1920ko hamarkadan, soldadura automatikoa sartu zen, eta metal urtuaren herdoiltzearen arazoa konpondu zen, babes-gasak erabiliz, hala nola hidrogenoa, argona eta helioa. XX. mendearen erdialdean eta amaieran, teknologiak jauzi kualitatiboa egin zuen, metodo espezializatu ugari (TIG soldadura, MIG/MAG, arku murgildua) eta teknika aurreratuak (adibidez, laser-izpi bidezko eta elektroi-sorta bidezko soldadura) asmatu baitziren, eta gaur egun erabiltzen den abiadura handiko soldadura robotizatuaren oinarriak ezarri ziren.[6]
Gaur egun industrian gehien erabiltzen den prozesu-multzoa da arku bidezko soldadura. Elektrizitatea erabiltzen da oinarrizko materialaren eta elektrodo baten artean arku elektriko bat sortzeko, eta horrek materialak urtzen ditu. Elektrodo horiek kontsumigarriak edo ez-kontsumigarriak izan daitezke, eta estaldura izeneko material batez babestuta egon ohi dira, edo bestela babes-gasak (geldoak edo erdi-geldoak) erabiltzen dira soldadura-gunea babesteko [7]. Metodo horren barruan hainbat prozesu bereizten dira:
Elektrodo estalizko soldadura (SMAW): Arku bat sortzen da materialaren eta elektrodo kontsumigarri baten artean; elektrodo horren estaldurak (urgarriak) soldadura-ingurua babesten du herdoiltzetik. Prozesu moldakorra eta merkea da, aire zabalean lan egiteko oso egokia [8].
MIG/MAG soldadura (GMAW): Prozesu honek etengabe elikatzen den harizpi bat erabiltzen du elektrodo gisa, eta babes-gas bat injektatzen du herdoiltzea ekiditeko. Azkarragoa da, eta ekoizpen industrialean asko erabiltzen da, posizio zailetan soldatzea errazten baitu [9].
TIG soldadura (GTAW): Kontsumitzen ez den tungsteno-elektrodo bat, babes-gas bat eta material gehigarri bat erabiltzen dituen eskuzko prozesua da. Kalitate oso altuko soldadurak lortzen dira, eta maiz erabiltzen da bizikleta-koadroetan eta aeronautikan, baina soldatzailearen trebetasun handia eskatzen du [10].
Arku murgildua (SAW): Abiadura eta produktibitate handiko metodo honetan, arkua fluido baten azpian sortzen da, ingurunea babestuz eta ia kerik sortu gabe [11].
Ezagunena soldadura oxiazetilenikoa (edo soldadura autogenoa) da. Historian zehar oso erabilia izan den arren, azken urteetan erabilera industriala gutxitu egin da. Azetilenoa eta oxigenoa soplete batean erretzean 3.100 °C inguruko garra lortzen da. Arku elektrikoa baino bero kontzentratu txikiagoa ematen duenez, hozte-prozesua motelagoa da; horregatik, gaur egun hodiak soldatzeko, konponketak egiteko eta metalak ebakitzeko (oxiebaketa) erabiltzen da batez ere [12].
Metodo honek korronte elektrikoa metal-zatietatik pasatzean sortzen den erresistentzia erabiltzen du beroa sortzeko (1.000 eta 100.000 anpere arteko korronteak erabiltzen ditu. Bero horrekin batera, presio mekanikoa aplikatzen da piezak fusionatzeko eta batzeko. Mota ezagunena puntu bidezko soldadura da, automobilgintzan ezinbestekoa dena xaflak abiadura handian eta eraginkortasunez batzeko. Ez du material gehigarririk edo babes-gasik behar, baina ekipoak nahiko garestiak izaten dira [13].
Kategoria honetan laser bidezko soldadura eta elektroi-sorta bidezko soldadura (electron-beam welding) sartzen dira. Prozesu modernoak dira, eta produkzio handiko aplikazioetan oso ezagunak bihurtu dira. Biek energia-dentsitate oso handia dute, eta horri esker soldadura sakonak eta estuak egin daitezke; horrela, soldadura-eremua minimizatzen dute. Prozesu oso azkarrak dira eta automatizatzeko errazak, baina haien desabantaila nagusia ekipoen kostu oso altua da [14].
Neurri egokirik gabe soldatzea arriskutsua eta kaltegarria izan daiteke osasunerako. Hala ere, teknologia berria eta babes egokia erabilita, soldadurari lotutako lesio- edo heriotza-arriskuak ia erabat ken daitezke. Erredura- edo elektrokuzio-arriskua nabarmena da, soldatzeko prozedura askok arku elektriko edo sugar ireki bat dakartelako. Horiek prebenitzeko, arropa babeslea erabili behar dute soldatu behar dutenek, hala nola oinetako homologatuak, larruzko eskularru lodiak eta mahuka luzeko jaka babesleak, txinpartak, beroa eta sugarrak saihesteko. Gainera, soldaduraren eremuko distiraren eraginpean egoteak keratitisa izeneko lesio bat eragiten du, argi ultramorearen ondorioz; horrek kornea handitu eta erretinak erre ditzake. Esposizio hori prebenitzeko, beira iluneko iragazkiak dituzten babes-betaurrekoak, soldatzeko kaskoak eta aurpegi-babesak erabiltzen dira, eta, azken urteetan, kasko-eredu berriak merkaturatu dira. Modelo horietan, kristalezko iragazkia gardena da, eta UV erradiaziorik ez dagoenean lan-eremua ikusteko aukera ematen du, baina, soldaduran hastean, auto-iluntzea gertatzen da. Ikusleak babesteko, segurtasun-arrazoiengatik, soldadura-eremua inguratzen duten manpara edo gortina zeharrargiak erabili behar dira.[15]
Askotan, soldatzaileak gas arriskutsuekiko eta airean esekitako partikula finekiko esposizioa dute. Nukleo urtugarriko arku bidezko soldadurak eta babestutako arku metaliko bidezko soldadurak zenbait oxido motako partikulak dituen kea sortzen dute. Kasu batzuetan, koadro medikoak sor ditzakete, adibidez, lurrun metalikoaren sukarra. Partikulen tamainak eragina du lurrunen toxikotasunean, partikula txikienak arriskutsuagoak baitira. Gainera, prozesu askok lurrunak eta hainbat gas sortzen dituzte, normalean karbono dioxidoa, ozonoa eta metal astunak, eta arriskutsuak izan daitezke aireztapen eta babes egokirik gabe. Lan horietarako, partikulentzako FFP3 maskarak edo soldadurarako maskarak erabili ohi dira.. Gas konprimituak eta sugarrak erabiltzen direnez, soldadura-prozesu askotan leherketa- eta su-arriskua izaten da. Ohiko neurri batzuk airean dagoen oxigeno-kantitatea mugatzea eta material erregaiak lantokitik urrun mantentzea dira.[15]
Soldatutako egituren kalitate-eskakizunak araudietan, estandarretan edo bezeroaren zehaztapenetan ezartzen dira, eta fabrikatzaileak horiek bete ditzakeela ziurtatu behar du lana hasi aurretik. Hau bermatzeko, soldadura kalitate-sistema zorrotzen bidez (adibidez, ISO 9001 edo EN 729 estandarrak) kudeatu behar den prozesu berezia da.   Kalitatea bermatzeko hiru zutabe nagusi daude soldaduraren ingeniaritzan[16]:
Produkzioa hasi aurretik, soldadura guztiak ondo planifikatu behar dira Soldadura Prozeduraren Zehaztapen (WPS, Welding Procedure Specification) baten bidez. Dokumentu honek soldadura nola egin behar den zehazten du (oinarrizko materiala, lodierak, soldadura-metodoa, posizioa, urgarriak, etab.). Prozedura hauek aurretik probatu eta onartu behar dira (adibidez, EN 288 estandarraren arabera), loturaren propietate mekanikoak (trakzioa, makurdura, gogortasuna) egokiak direla egiaztatzeko saiakuntza suntsitzaile eta ez-suntsitzaileen bidez.[17]
Zehaztutako kalitate-eskakizunak bete ahal izateko, soldatzaileek trebetasun- eta ezagutza-probak gainditu behar dituzte (adibidez, EN 287 estandarra erabiliz altzairuarentzat). Proba hauetan soldatzaileek prozedura espezifikoak (WPS) jarraituz soldatzen dute, eta emaitzak ikuskapen bidez (erradiografia, makurdura edo haustura-probak) ebaluatzen dira, estandarren onarpen-irizpideak (hala nola ISO 5817) betetzen dituztela ziurtatzeko. Ziurtagiri hauek iraungitze-data izaten dute, eta langileak zehaztutako prozesuetan lanean jarraitzen duela erakutsiz soilik berritu daitezke.[18]   
Soldadura amaitu ondoren, junturek onartezinak diren inperfekziorik edo akatsik ez dutela egiaztatzeko erabiltzen dira, piezari kalterik egin gabe. ISO 5817 eta ISO 10042 estandarrek hiru kalitate-maila (altua, ertaina eta neurrizkoa) ezartzen dituzte akats horientzat. Industrian gehien erabiltzen diren teknikak honako hauek dira:  

  • ↑ Hiztegi Batua Euskal Prosan
  • ↑ Elhuyar Hiztegia
  • ↑ Phillips, David H. (2015eko abenduaren 18a), Welding Engineering (Ingelesez), Wiley, doi:10.1002/9781119191407, ISBN 978-1-118-76644-6. 2026ko urriaren 21ean kontsultatua.
  • ↑ Cary, H.B. (2004ko abuztuaren 1a), «Modern Welding Technology 5/e», Industrial Robot: An International Journal, 31 (4): 4–9, doi:10.1108/ir.2004.31.4.376.3, ISSN 0143-991X. 2026ko azaroaren 16an kontsultatua.
  • ↑ Weman, Klas (2003), Welding processes handbook, Woodhead Publishing Limited, 26. or., doi:10.1533/9781855738539, ISBN 978-1-85573-689-4. 2026ko azaroaren 16an kontsultatua.
  • ↑ Electric, Lincoln (1994), The Procedure Handbook of Arc Welding. (Ingelesez), Lincoln Electric, 1–10. or.
  • ↑ Electric, Lincoln (1994), The Procedure Handbook of Arc Welding (Ingelesez), Lincoln Electric, 5.4-5. or.
  • ↑ Weman, Klas (2003), «Metal arc welding with coated electrodes», Welding Processes Handbook, Elsevier: 63–67, doi:10.1533/9781855738539.63, ISBN 978-1-85573-689-4. 2026ko azaroaren 17an kontsultatua.{{Erreferentzia}}: Erreferentzien mantentzea: lana parametroa ISBNarekin (lotura)
  • ↑ Electric, Lincoln (1994), The Procedure Handbook of Arc Welding, Lincoln Electric, 5.4-3. or.
  • ↑ Weman, Klas (2003), «TIG welding», Welding Processes Handbook, Elsevier: 31, doi:10.1533/9781855738539.31, ISBN 978-1-85573-689-4. 2026ko azaroaren 17an kontsultatua.{{Erreferentzia}}: Erreferentzien mantentzea: lana parametroa ISBNarekin (lotura)
  • ↑ Weman, Klas (2003), «Plasma welding», Welding Processes Handbook, Elsevier: 37–38, doi:10.1533/9781855738539.37, ISBN 978-1-85573-689-4. 2026ko azaroaren 17an kontsultatua.{{Erreferentzia}}: Erreferentzien mantentzea: lana parametroa ISBNarekin (lotura)
  • ↑ Weman, Klas (2003), «Gas welding», Welding Processes Handbook, Elsevier: 26–30, doi:10.1533/9781855738539.26, ISBN 978-1-85573-689-4. 2026ko azaroaren 17an kontsultatua.{{Erreferentzia}}: Erreferentzien mantentzea: lana parametroa ISBNarekin (lotura)
  • ↑ Weman, Klas (2003), «Pressure welding methods», Welding Processes Handbook, Elsevier: 80–84, doi:10.1533/9781855738539.80, ISBN 978-1-85573-689-4. 2026ko azaroaren 17an kontsultatua.{{Erreferentzia}}: Erreferentzien mantentzea: lana parametroa ISBNarekin (lotura)
  • ↑ Weman, Klas (2003), «Other methods of welding», Welding Processes Handbook, Elsevier: 95–101, doi:10.1533/9781855738539.93, ISBN 978-1-85573-689-4. 2026ko azaroaren 17an kontsultatua.{{Erreferentzia}}: Erreferentzien mantentzea: lana parametroa ISBNarekin (lotura)
  • ↑ a b Cary, H.B. (2004ko abuztuaren 1a), «Modern Welding Technology 5/e», Industrial Robot: An International Journal, 31 (4): 42–51, doi:10.1108/ir.2004.31.4.376.3, ISSN 0143-991X. 2026ko azaroaren 17an kontsultatua.
  • ↑ Weman, Klas (2003), Welding processes handbook, Woodhead Publishing Limited, 171–173. or., doi:10.1533/9781855738539, ISBN 978-1-85573-689-4. 2026ko azaroaren 17an kontsultatua.
  • ↑ Weman, Klas (2003), Welding processes handbook, Woodhead Publishing Limited, 175–179. or., doi:10.1533/9781855738539, ISBN 978-1-85573-689-4. 2026ko azaroaren 17an kontsultatua.
  • ↑ Weman, Klas (2003), Welding processes handbook, Woodhead Publishing Limited, 180-182.. or., doi:10.1533/9781855738539, ISBN 978-1-85573-689-4. 2026ko azaroaren 17an kontsultatua.
  • ↑ Weman, Klas (2003), Welding processes handbook, Woodhead Publishing Limited, 182–183. or., doi:10.1533/9781855738539, ISBN 978-1-85573-689-4. 2026ko azaroaren 17an kontsultatua.
  • Wikipediara joan